Florent Marcellesi

Ezkerrekoa al da Ekologia politikoa?

In ecología política on 11 marzo 2010 at 14:30

Florent Marcellesiren artikulu luze honek badu beste azken kapitulu bat: “Ezkerrekoa al da ekologia politikoa?” Berak dio mugimendu ekologista eszenatoki mediatikora agertu zenetik, pentsalari eta teoriko ugarik plazaratu zutela ea hau ezkerrekoa edo eskuinekoa ote zen. Egun ere Marcellesik argi du eztabaidak baduela lekurik. Marcellesik lan honetan gai honi buruz argitaratutakoa laburtuko dugu ondorengo lerroetan.

Alemaniako berdeek ospetsu egin zuten ondoko leloa 1984an sortu zirenean: “Ekologia politikoa ez doa ez ezkerrera ez eskuinera, aurrerantza doa”. Frantziako ekologismoak ere antzeko posizioak erakutsi zituen, “ez bata, ez bestea“ leloarekin. Alderdi hauen sorreratik 25 urte pasatu direnean, aldiz, errealitateak argi erakutsi du ekologia hobeto moldatu dela ezker aldearekin. Espainiako ekosozialismoak ere hori bera berresten du. Europako mugimendu berdean eztabaida sakona dago kapitalismoaren baitan dagoen jardun tarteaz. Horrek guztiak eta gehiagok ere, ekologismoa, sozialismoa eta ezkerraren artean diren harremanei buruzko eztabaida birzabaltzera bultzatzen gaitu.

Teoria eta indar politikoen kokapenerako Espainian ezker/eskuin bikotea erabiltzen da bakarrik, baina mundu anglosaxoian ekonomia eskema klasiko honi ardatz sozial bat gehitzen zaio: autoritario/libertario ardatza. Honen arabera, mundu mailako konparaketak egingo bagenitu, emaitza harrigarriak azaleratuko lirateke. Seguruenik, “ezkerra” deitzen dugun hori gaur egun ez da zehatz definitutako kontzeptu bat, gehiago oinarritzen da imaginario kolektibo historiko batean eta ez du ondo ordezkatzen gaur egungo esparru ideologikoaren aniztasuna.

Ekologismoaren etorrerarekin, hirugarren ardatz bat gehitu behar zaio orain arteko bi dimentsioko azterketari, produktibismoa eta antiproduktibismoaren dialektika. Jadanik kapitala/lana dialektika ez da erabakigarria eta garrantzitsuena produkzioak hartzen duen norabidea da; eta ardatz berri hau, gainera, berez da egituratzailea eta autonomoa.

Beraz, eta lehen hurbilketa gisa, gure gizarteen konplexutasuna hobeto azalduko duen hiruko eskemara iristen gara: liberal-kolektibista / autoritario-libertario / produktibista-antiproduktibista. Goazen ikustera ekologia politikoa nola kokatzen den eskema berri honetan: jasangarritasun sendoaren alde egiten duenez, produktibismoaren beste muturrean dago ekologia politikoa. Agerian da ekologismoak etengabe egiten diola erreferentzia askapenaren etikari, emantzipazioaren borrokari edota norbanakoaren produkzio askeari. Eta argi defendatzen ditu, halaber, oinarritik parte hartzea, askatasunaren defentsa eta aginte hierarkiko edo burokratikoen aurkako kritikak. Argi da, beraz, ezker libertarioarekiko edo liberalismoaren muinarekin –norbanakoaren askatasunen garrantzia– dituen konexio puntuak, beti ere elkartasunaren balioarekin indartuak.

Ezker-eskuin ardatz ekonomikoari dagokionez, ordea, famili ekologista oso zabala da eta ez dago ondorio argirik, baina bai aurrera liteke ikuspegi ekologistak neoliberalismoa eta marxismo ortodoxoa era berean arbuiatzen dituela. Kolektibismoa eta liberalismoaren arteko hirugarren bidearen arakatzea etengabekoa da eta bioekonomiaren printzipioetako batean oinarritzen da: azpi-sistema batek ezin dezake bera ere biltzen duen sistema arautu (“Ekologia politikoa antiproduktibismo gisa” kapituluan aritu gara luze honetaz). Aipatutako estalpe honetan, ekologiaren munduan proposamen ugari daude gaur egun.

Ekologia politikoa kritikoa da lan ordainduaren gizarte industrialarekin eta, “produkzioa-enplegua- kontsumoa” hirukia medio, produktibismoak aurrera begira egiten duen ihesarekin ere bai. Alde horretatik, nagusi den kapitalismoa eta sindikatu eta ezkerreko mugimendu gehienei kontrajarriz, ekologismoak –ez aho batez– zalantzan jartzen du erabateko enpleguaren ikuspegia. Hazkundea moteldu eta kontsumoa gutxitzea legoke ikusmolde horren oinarrian. Hala uler liteke hobeto mugimendu ekologistak, oro har, herritarren oinarrizko errentaren alde erakutsi duen interesa.

EKOLOGIA POLITIKOA ETA (EKO)SOZIALISMOA

Galdera honakoa da: bateragarriak al dira sozialismoa eta ekologia politikoa? Eta honi erantzuteko, zein sozialismori buruz ari gara? Aldez aurretik, marxismo ortodoxoa eta ekologia politikoaren arteko edozelako harremana baztertuko dugu. Agur proletariotza liburuan (Gorz eta Gil, 1981) Gorzek nagusi den marxismo honekin apurketa proposatzen du. Kapitalismoaren aurkako ikusmoldean sakondu eta marxismoa gainditzen saiatzen da, norbanakoen emantzipazioa eta produktibismoa eta kontsumismoari egiten dien muturreko kritikaren arteko harremanean sakontzen du horretarako. Soldatapeko lanaren goraipamenaz kritika gogorra egiten du eta zera galdetzen du: ausartuko al gara abiatzen lanaren gizartetik harago?

Viveret filosofoaren ustez ere, sozialismoaren eta liberalismoaren arteko gatazkak oso bortitzak dira sarri, baina kultur oinarri berbera dute, bientzat funtsezkoena ekonomia da, “lan produktiboa” medio hori baita edozelako aberastasunaren sorburu. Sozialismoaren sustraietan ekologikoaz pentsatzeko ezintasuna dago, natura eta ondasun ugariak produkziorako osagaiak besterik ez direlako. Determinismo antropologiko batek gidatzen du Homo economicus hori historiaren ardatz gisa hartzera.

Eta orduan zertan oinarritzen da ekosozialismoa? Sozialismo dezentralizatzailea hartzen du oinarri honek, ez autoritarioa; Rosa Luxenburgo eta korronte anarkista eta libertarioak hartzen ditu ipar eta, beraz, ekologia politikoak bezala, marxismo-leninismoa eta estalinismoa arbuiatzen ditu. Lipietz-ek “gorritik-berderako” ezinbesteko bilakaeraz hitz egiten du eta ekologia politikoa izendatzeko “postsozialismoa” termino probokatzailea ere erabili izan du. Lipietzen ustez, sozialismoa eta ekologia politikoaren ikusmolde desberdinen funtsa garapena da, hau da, sozialismoak garapenaren ikusmoldetik begiratzen dio historiari eta ekologia politikoak ez. Pertsonak naturaren eraldaketarekin lortzen duen garapena, hori da historiaren funtsa sozialismoarentzat, eta hori da ekologia politikoarekin duen kontraesan nagusia. Munduaren konplexutasuna eta indar eraldatzaile berriei buruz aritzerakoan, beraz, Lipietzen ustez ekologia politikoaz hitz egin behar da, berau baita XXI. mendeko “esperantza berria”.

Edozein modutan, ekosozialismoak eta ekologia politikoak antiproduktibismoaren ikusmolde ugari partekatzen dituzte eta nire ustez, ekosozialismoak marxismoaren kritika azkenetara eramaten badu, bere eredu sozialistatik apurka urrundu eta eredu ekologistara gehiago hurbilduko da. Europara begiratuta hori gertatzen ari da. Hor dira ekosozialistak, ekobakezaleak, ekofeministak, ekologista sozialak, ekoliberalak, ingurumen zaleak… eta badirudi ekologiak guztiak estalpe berean har ditzakeela politika egiterakoan Europako egungo mugimendu berdeak.

Publicado  en Larrun: http://www.argia.com/argia-astekaria/2216/ekologia-politikoa/osoa

Traducción Larrun.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: